Irakasleentzako gutuna: derrigorrezko prestakuntza 2020-21

2020/09/09

Aurtengo martxoan gure bizitza aldatu zen. Gauetik goizera, gure ikaskuntza-irakaskuntza proposamenak errotik berrasmatu behar izan genituen. Egoera horretan, eten digitala are nabarmenagoa egin zen.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren lehentasunetako bat da hezkuntza desparekotasunaren aurkako borroka, ekitatearen eta hezkuntza eraginkortasunaren ikuspuntutik. Hezkuntza komunitate osoa inplikatuta dagoela, eten digitalaren aurkako borrokak, arlo sozialari hain lotua dagoenak, hobekuntza ekarri behar du Nafarroako hezkuntza sistemaren errendimenduan eta kalitatean.

Hezkuntza Departamentutik hezkuntza teknologiak gure programazioetan txertatzen lagunduko duen prestakuntza eskaintzeko beharra somatu da, honako helburu bikoitza duena: ikasleen trebetasun digitala garatzea eta ikasgeletara bertaratu gabeko egoera bati aurre egiteko prest egotea.

Prestakuntza honen bitartez, honakoei erantzun nahi zaie:

  • IKT tresnen ezagutza.

  • Bertaratu gabeko arreta baterako planteamendu metodologikoa.

 

Bertaratu Gabeko Arretarako Proposamen batetik abiatu eta Bertaratu Gabeko Arretarako Plangintza bat egitera iritsiko gara, bai ikastetxe mailan, bai irakasle bakoitzarena.

Lehenbiziko urratsa autoebaluazio bat egitea izanen da, ILZetako aholkulariek prestatutako galdetegi baten bitartez. Galdetegi honek Bai/Ez erako 77 galdera jasotzen ditu, 14 ataletan sailkatuak. Galderak atal edo tresna horien ezagutzan mailakatze baten arabera eginak daude: oinarrizkoa, ertaina eta aurreratua.

Google tresnen erabilerari buruzko sei laborategi prestatu dira. Horietan, egoera edo jokaleku bana proposatzen da, Google tresnen bitartez ebatzi egin beharko dena. Laborategi hauetako bakoitzari ekin aurretik, ikasNOVAren bideo kanalean tresna horiei buruzko tutorialak ikusgai izanen dira.

Jokalekuak hauek dira:

  • Laborategia - Gmail.

  • Laborategia - Google dokumentuak eta aurkezpenak.

  • Laborategia - Google Drive

  • Laborategia - Calendar

  • Laborategia - Google Classroom

  • Laborategia - Google Inprimakiak

Norberaren Bertaratu Gabeko Arretarako Plangintza garatzen laguntzeko, hiru Webinar mota prestatu dira:

  • Metodologikoak

  • Google tresnei buruzkoak

  • EDUCA inguruneko tresnei buruzkoak (Bozketa elektronikoa, programazioak, irakaslearen koadernoa, mezularitza)

Webinar hauen osagarri gisa, ikasgela birtualean ““Bertaratu gabeko arretarako plana” egiteko baliabideak” baliabide gordailua aurkitu ahal izanen da. Bertan ADDIE eredua aplikatzen da, 5 fase zikliko dituena: Analisia, Diseinua, Garapena, Inplementazioa eta Ebaluazioa. Gure proposamenean, atal horien ordena aldatu egin dugu, “normaltasun” eta ikasgeletara bertaratzeko egoera batean aurrera daramagun heziketa-diseinuari hobeki egokitzeko.

Laborategietan edo webinarretan jaso eta ondutako ezagutzekin, eta ““Bertaratu gabeko arretarako plana” egiteko baliabideak”  ikastaroko materialekin, norberaren Bertaratu Gabeko Arretarako Plangintza (BGAP) aurkezteko prest egonen gara.

Azkeneko hausnarketa gisa, hezkuntza teknologiak ez dira edozein egoeraren konponbiderako giltza, ezta aukera bakarra ere, baina bertaratu gabeko egoera batean gerta daitezkeen behar desberdinetan gure ikasleen aniztasunari arreta emateko aukerarik hoberena dira.

P.D. Informazio hau xehetasun handiagoz ikusteko: