CHROMEBOOK-EN MAILEGU

Araudia

ikasnova » Chromebook-en mailegu araudia

 

2018-2019 ikasturtean zehar, ikasNOVA hezkuntza publikoaren eraldaketa digitalerako estrategian parte hartzen ari diren ikastetxeetan, Hezkuntza Departamentuak DBHko lehen mailako ikasleen esku ordenagailu pertsonal bat jarriko du, estrategia hori sustatzeko tresna gisa.

 

Matrikularen aurreikuspenak aintzat hartuta, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari orokorraren abuztuaren 27ko 582/2018 Ebazpenaren bidez, 5.000 chromebook rugerizatuz eta haien Google lizentziaz hornitzeko kontratua esleitzea xedatu zen, Hezkuntza Departamentuaren mendekoak diren ikastetxe publikoetarako.

 

Mailegatuko den elementua, Chromebook Acer C731 edo antzeko ezaugarriak dituen ekipoa, titulartasun publikokoa denez, eta ikasNOVA estrategian parte hartzen ari diren 56 ikastetxeetan banatu aurretik, mailegu-arautegi bat ezarri behar da.

1. artikulua

Helburua eta xedea

  1. Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuaren mailegu-zerbitzu honen helburua ikasNOVA hezkuntza publikoaren eraldaketa digitalerako estrategia sustatzea da.
  2. Maileguaren xede den objektua ezin izango da erabili hezkuntzaren arlotik kanpoko beste jarduera batzuetarako.
  3. Hezkuntzaren eraldaketa digitalaren ardura duen pertsonak, Hezkuntzako Teknologien eta Informazio Sistemen Zerbitzuarekin batera, gainbegiratu eta koordinatuko du mailegu-zerbitzua, Hezkuntzako Sistemen, Sareen eta Euskarrien Atalaren eta ikastetxeetarako Erabiltzaileen Arreta Zerbitzuaren (EAZ) bidez.
2. artikulua

Hartzaileak

  1. IkasNOVA hezkuntza publikoaren eraldaketa digitalerako estrategian parte hartzen ari diren ikastetxeetan DBHko 1. mailan ari diren ikasleek izango dute mailegu-zerbitzu hau eskuratzeko aukera.
  2. Zerbitzu hau erabiltzean, legezko tutoreek dokumentu honetako erantzukizunak, baldintzak eta jarraibideak onartu behar dituzte. Horretarako, ebazpen honen I. eranskina sinatu behar dute.
3. artikulua

Titulartasuna

  1. Chromebookak Hezkuntza Departamentuaren jabetzakoak dira.
  2. Ikastetxeek fidantza edo bermea jasotzeko sistema bat antolatu behar dute mailegu-zerbitzu honetarako.
  3. Behin gurasoek edo legezko tutoreek mailegu-arautegia onartu dutenean, ekipoa ongi egoteari eta zaintzeari dagokion erantzukizuna beren gain hartuta, ikasgelan erabiltzeaz gain, ikasleak etxera eraman ahal izango du.
  4. Hezkuntza Departamentuak zenbait chromebookez hornitu ahal izango ditu ikastetxeak, botika-kutxa gisa, eta matrikulari proportzionalki zehaztuko da haien kopurua.
  5. Ikasleak dira mailegu-zerbitzu honetan sartzen diren chromebooken hartzaileak.
  6. Irakasleek antzeko ekipamendua edukiko dute eskura, ikastetxean erabiltzeko.
4. artikulua

Betebeharrak

  1. Ikasle bakoitzak transferiezina den ekipo bat edukiko du izendatuta, eta ekipoan chromebook esaten zaiona, kargagailua eta egokia den zorroa egongo dira. Ekipo horrek zenbaki bat izango du eta jarraipena egin ahal izango zaio, arakatu ahal izango da. Osorik itzuli beharko da.
  2. Hezkuntza Departamentuak emango duen babes-zorroa nahitaez erabili beharko da.
  3. Ekipoan arazoren bat detektatzen bada, hezkuntzaren eraldaketa digitalaren ardura duen pertsonari jakinarazi beharko zaio edo, gainerakoan, ikastetxe bakoitzak izendatzen dituen pertsonei.
  4. Guztiz kargatuta dagoela eraman beharko da ikastetxera egunero, eskolaldi osoan erabili ahal izateko.
  5. Ikasleen betebeharra da ekipoa eta babes-zorroa garbi edukitzea.
  6. Ikasleek ekipo bakoitzaren etiketak errespetatu beharko dituzte. Hartara, hondatzen badira, hezkuntzaren eraldaketaren ardura duen pertsonari jakinarazi beharko diote. Ekipoak zituen zenbakiak dauzkan eranskailu bat jarriko dio berriro ekipoari edo ezin ezabatuzkoa den errotuladorea erabilita idatziko dizkio.
5. artikulua

Fidantza

  1. Ekipoaren kostua aintzat hartuta, 50 euroko fidantza ordaindu beharko da maileguaren xede den ekipoa jasotzean, eta fidantza horrekin poltsa komun bat sortuko da.
  2. Salbuespenez, gizarte-egoera ahulean dauden familien erregistroa (EDUCAn eskuragarri dagoen erregistroa) abiapuntu hartuta, ikastetxeak (irizpide hau edo beste bat aplikatuta, eta familia horiei jakinarazi beharko zaiena) erabaki ahal izango du fidantzarik ez eskatzea edo zenbateko txikiago bat proposatzea.
  3. Ikasturtean zehar ikastetxea uzten bada edo mailegua egin den ikasturtea amaitzen denean, tokatzen den fidantzaren zatia itzuliko da, ikastetxeko edo mailako (gailuak hezkuntza-maila batean baino gehiagotan dituzten ikastetxeen kasuan) poltsa komunean izan diren kostuen zati proportzionala kenduta.
6. artikulua

Matxurak eta gorabeherak

  1. Chromebooka (edo dagokion zorroa) hondatzen bada haren mailegatzailea den ikasleari egotz dakiokeen erabilera okerrarengatik edo istripu, kolpe edo erorketengatik, ikasle horren legezko arduradunen konturakoa izango da. Hartara, maileguan hartu duen ekipoaren baliokidea den ekipo berri bat erosteko kostua edo konpontzeko kostua ordaintzeko exijituko zaie, eta hezkuntza-arloko administrazioak bere egingo du egokiak diren legezko ekintzak hasteko eskubidea, administrazio publikoko erakunde baten ondasun bat galtzeagatik.
  2. Ekipoa edo dagokion zorroa galtzen bada, ikaslearen legezko arduradunei eskatuko zaie maileguan utzi zenaren baliokidea den ekipo (edo zorro) berri bat erosteko kostua ordaintzeko, eta hezkuntza-arloko administrazioak bere egingo du egokiak diren legezko ekintzak hasteko eskubidea, administrazio publikoko erakunde baten ondasun bat galtzeagatik.
  3. Gertatzen bada chromebook bati edo dagokion zorroari talde batek baino gehiagok erabiltzen duen gela batean, gela partekatu batean, kalte egin zaiola eta ezin dela zehaztu matxura horren arduraduna nor den, ikastetxeak baloratu beharko du matxura horren kostua ikastetxeko fidantzen poltsa komunaren kontura ordaintzea, hartara, familiek solidarioki erantzuteko arduraduna zehaztea ezinezkoa den gorabehera horri.
  4. Natura-hondamendien (ekaitzak, uholdeak, suteak, tximisten inpaktuak, eta abar) eta sare elektrikoko gertakarien (gainkargak edo tentsio-puntak) ondorioz gertatzen bada matxura, edo lapurreta edo ebasketa gertatzen bada, ikastetxeak Hezkuntza Departamentuaren aseguruaren bidez izapidetu beharko du gorabehera. Zehazki, kasuaren berri eman beharko du mantenimientoeducacion@navarra.es helbide elektronikora mezua bidalita edo 848 42 32 37 telefono zenbakira deituta, chromebooka konpondu edo erosteko dirua eskuratu ahal izateko.
  5. Berriz hornitu edo ekipoa konpondu behar den kasuetan, Hezkuntzako Teknologien eta Informazio Sistemen Zerbitzuak agindutakoaren arabera eskuratu beharko du ikastetxeak chromebooka (edo zorroa) edo kudeatu beharko du konponketa. Kasuaren arabera, erosteko edo konpontzeko kostua aseguruak, ikasleen legezko arduradunek edo bildutako fidantzen poltsa komunak ordainduko du.
  6. Ekipo bat ezin bada konpondu edo galdu egin bada, hezkuntzaren eraldaketa digitalaren arduraduna Erabiltzaileen Arreta Zerbitzuarekin harremanetan jarriko da, inbentarioan ekipoaren baja emateko. Inbentarioan behar bezala jasota dagoela iritsiko da ekipo berria ikastetxera.
  7. Gertatzen bada ekipo bat gaizki dabilela lehenago aipatu diren arrazoiak ez diren beste batzuengatik (erabilera okerra edo behar ez bezalakoa, erorketak, kolpeak, natura-hondamendiak edo sare elektrikoko gertakariak), bai ikasleak eta bai hezkuntzaren eraldaketa digitalaren ardura duen pertsonak ere ekipoa berrabiarazi ahal izango dute, IKT Zerbitzuen Katalogoan (https://goo.gl/QUveMY) kaleratuta dauden jarraibideei jarraituta.
  8. Berrabiarazi eta gero, oraindik ere ekipoa gaizki badabil edo fabrikako akatsen bat badu, hezkuntzaren eraldaketa digitalaren arduradunak Hezkuntza Departamentuko Erabiltzaileen Arreta Zerbitzura deitu beharko du (848 42 50 50), gertakaria kudeatu dezan.
7. artikulua

Ekipoen kudeaketa

  1. Maileguan utzitako ekipoen barne-kontrola egin beharko du hezkuntzaren eraldaketa digitalaren ardura duen pertsonak, ekipo bakoitzaren inbentario-zenbakia maileguan hartzen duen ikaslearekin erlazionatuta.
  2. Hezkuntzaren eraldaketa digitalaren ardura duen pertsonak eman beharko die mailegu-zerbitzuko chromebookekin lotutako aholkularitza bere ikastetxeko irakasleei eta ikasleei, bai erabilerari dagokionez, bai eta ekipoak konektatzeko moduari dagokionez ere.
  3. Ikastetxean maileguan uzteko dauden chromebooken kopuruaren kontrola egin beharko du hezkuntzaren eraldaketa digitalaren ardura duen pertsonak:
    • Behar berriei erantzuteko beharrezkoak diren ekipoak Hezkuntzako Teknologien eta Informazio Sistemen Zerbitzuari eskatuko dizkio (ikasturtean zehar ikastetxe batean ikasle berriak hasi direlako edo mailegatzeko ekipoak dituen maila batean matrikula emendatu egin delako).
    • Erabiltzen ez diren ekipoen kopuruaren berri emango dio Hezkuntzako Teknologien eta Informazio Sistemen Zerbitzuari (mailegatzeko ekipoak dituen maila batean matrikula gutxitu egin delako), beste ikastetxe batean berrerabiltzea beharrezkoa balitz jakinaren gainean egoteko.
    • Chromebookak ikasle berrien artean birbanatzea beharrezkoa bada, bera arduratuko da kudeaketa horretaz.
8. artikulua

Uko egitea

  1. Mailegu-sistema honi uko egiten dioten legezko ordezkariek Chromebook Acer C731 edo antzeko ezaugarriak dituen ekipo bat eskuratu beharko dute, egokia den administrazio-lizentziarekin, educacion.navarra.es domeinuaren pean, ikastetxeek dituzten bideen bitartez.
    • Ikaslea Nafarroako ikastetxe publikoen saretik ateratzen denean, sarea uzten duenean, kontsolako kontrol-gailua liberatuko da.
    • Kasu honetan, salbuetsita egongo da fidantza ordaintzetik.
  1. Legezko tutoreek ez badute fidantza jarri edo mailegu-arautegi honen onarpen-dokumentua ez badute sinatu, ikastetxeak bere esku jartzen duen chromebooka baino ezin izango du erabili ikasleak, ikastetxearen barnean, handik ateratzeko aukerarik gabe eta, ikastetxeko gainerako materialaren kasuan bezala, haren erabileraren eta zaintzaren erantzulea izango da, Barne Erregimeneko Arautegian jasotzen den moduan.
9. artikulua

Ikuskapena

  1. Mailegu-sistema honek ongi funtzionatzen duela zainduko du Hezkuntzako Teknologien eta Informazio Sistemen Zerbitzuak, eta bere egingo du egoki jotzen duen kasuetan ekipoak kentzeko ahalmena.
  2. Gailua behin eta berriz gaizki erabiltzen duenari maileguan jasotako ekipamendua kendu egingo zaio, lan berberak edo ebaluatzekoak izan daitezkeen antzeko zereginak egin behar izatetik salbuetsi gabe.
10. artikulua

Gailua ongi zaintzea

  1. Gailu bakoitza bakarra da eta pertsonalizatuta dago, karkasan errotulatuta dagoen zenbaki bat jarrita.
  2. Gailuak lokalizatuta egon behar du une oro.
  3. Gailua jan-edanetatik urrun erabiliko da.
  4. Gailuan zeinahi osagarri entxufatzean, kontuz eta pazientziaz egingo da, konexioak hondatzea saihesteko.
  5. Aireztapeneko saretak libre, estali gabe, uztea komeni da.
  6. Ez da idatzi behar ordenagailuaren gainean ez eta ordenagailuan bertan ere (errotuladoreak, zuzentzaileak), eta ez da jarri behar ordenagailua pertsonalizatuko duen eranskailurik, ikastetxeak adierazitakoa ez bada.
  7. Pantaila tresna zorrotzekin ukitzea saihestuko da, arrastorik ez egiteko.
  8. Teklatu gainean ez da ezer utziko, bereziki idazteko erabiltzen ditugun gauzak (bolaluma, borragoma, errotuladorea, konpasa…).
  9. Pantaila garbitzeko zapi lehor bat erabili behar da. Zuntz antiestatikoak baditu, hobeki. Ez da disolbatzailerik erabili behar.
  10. Gailua batetik bestera eramatean, kontu handiarekin egin behar da:
    • Toki batetik bestera eramatean, itxita eta zorroaren barnean egon behar du.
    • Ez zaio pantailatik heldu behar.
11. artikulua

Xedapen gehigarriak

  1. Arautegi hau lehen bertsioa da, eta, horrenbestez, hasi berria den hezkuntzako estrategia honek aurrera egin ahala, zehazten eta aberasten joango da.

 

I. Eranskina

Erabiltzeko irizpideak