METODOLOGIA

Berriak

ikasnova » Metodologia berriak

Ikasgelan teknologiak sartzeak aldaketa metodologiko garrantzitsua dakar, irakatsi eta ikasteko prozesuak hobetzearekin batera joan dadin baliatu behar duguna.

Rubén Puentedura doktorearen SAMR modeloak pentsarazten digu nola eta zein xederekin erabiltzen den teknologia ikasgeletan. Maila batzuen bidez, irakasleek beren jarduera pedagogikoak berriro diseina ditzakete, teknologia modu eraginkorrean txertatuta eta ikasketari balio erantsia emanda.

SAMR akronimoak (ingelesezko Substitution, Augmentation, Modification and Redefinition; ordeztea, handitzea, aldatzea eta berriro definitzea) bere lau mailei ematen die izena, bi geruzatan sailkatuta: hobetzea eta eraldatzea.

Gaitasun digitalaren mailaren eta irakasleak erabilitako metodologiaren arabera, gehiago edo gutxiago oinarrizkoa den maila batetik abiatuko da, baina betiere mailetan gora joateko asmoarekin, berriro definitzera iritsi arte. Izan ere, azkeneko maila horretan ateratzen zaio probetxu handiena ikasgelan dugun teknologiari, hura gabe egitea ezinezkoa izango zen jarduerak eta prozesuak garatzeko.

Jarraian dagoen taulan ikus daitezke mailak. Oinarrizkoena ordeztea da, eta aurreratuena, berriz, berriro definitzea.

Beste alde batetik, Bloomen Taxonomiari –Benjamín Bloomek 1950eko hamarkadan kaleratu zuen– zenbait berrikuspen egin zaizkio, azkena Andrew Churchesek egindakoa, “Bloomen Taxonomia aro digitalerako”. Izen hori gorabehera, arreta ez da jartzen tresnetan edo IKTetan, baizik eta haietaz egiten den erabileran ikasleen gaitasunak eta trebetasunak hobetzeko. Eta elkarlana nabarmentzen da, oinarrizkoa baita XXI. mendeko ikaskuntza eta irakaskuntzarako.

Bloomek proposatzen dizkigun pentsamendu-trebetasunak funtsezkoak dira, bizitza osoan zehar ikasten jarraitu ahal izateko aldamioak izango baitira.

Bloomen Taxonomian sei maila aurkitzen ditugu pentsamendu-trebetasunei lotuta, mota desberdinekoak: gogoratzea, ulertzea, aplikatzea, aztertzea, ebaluatzea eta sortzea. Jarraian dagoen taulan ikus dezakegu trebetasun bakoitzak aditz batzuk dituela lotuta, haietako bakoitza adibidez adierazten laguntzen digutenak, eta bai dagokion komunikazio-espektroa ere.

SAMR modeloa Bloomen Taxonomiarekin konekta dezakegu eta teknologia erabili, aurrera egiten joateko, beheragoko mailako pentsamendu-trebetasunetatik goragoko mailako pentsamendu-trebetasunetara iritsi arte.

Gure ustez, SAMR modeloa eta Bloomen Taxonomia ingurune digitaletarako ezagutzea metodoez, metodologiez, teknikez edo baliabideez hitz egiten hasi aurreko pausoa da.