GSuite-rekin partekatu

Google for Education-en (GSuite) tresnen indarguneetako bat elkarlanerako aukera da. Gutxi-asko ohituta gaude dokumentu bat partekatzera eta batera editatzera, baina badira “gehiegi” ez partekatzeko kontuan hartu beharreko alderdi batzuk.

Google artxiboetan “Partekatu” koadroa aldatu dute, eta askoz ere garbiagoa eta zuhurragoa da. Zailagoa da nahi ez diren erabiltzaileekin partekatzea. Hona hemen berritasunen azalpena:

Googleren dokumentu, aurkezpen eta kalkulu-orriekin lan egitean, goi-eskuinaldean “Partekatu” koadroa aurkituko dugu.

Partekatzeko botoia

Botoi honen bidez, gure artxibora nor sartzea nahi dugun eta zer baimen izanen dituen erabaki dezakegu.

Pertsonak edo taldeak gehitzeko kutxan haien helbide elektronikoak idatziz, pertsona bat edo gehiago gonbida ditzakegu, edo Google talde jakin bat. Partekatuko dugun dokumentuaren jabe gisa gure erabiltzaile-kontua agertuko da beti.

Googleko fitxategi bat beste pertsona edo talde batzuekin partekatzea

Helbide elektronikoak sartu ondoren (200 konturekin parteka daiteke aldi berean), pertsona edo talde horiek gure dokumentuarekin zer egin dezaketen erabaki dezakegu. Erabiltzaile-kontu bat sartzen dugunean, automatikoki, kontu horrek “editore” rola hartzen du, eta horrela agertzen da bere helbide elektronikoaren eskuinean dagoen kutxan. “Editorea” hitzean sakatuz gero, baimenak aldatzeko aukera ematen du. Hauek dira rolak/baimenak:

Editorea: fitxategian idatzi, osagaiak gehitu, ezabatu eta beste pertsona batzuekin partekatzeko aukera ematen du.

Ikuslea: dokumentua ikusteko aukera ematen du eta, ikusle horri interesatzen bazaio, kopia bat egin ahal izanen du, baina ez da lankidetzazkoa izanen, pribatua baizik, ezin baitu dokumentu partekatua editatu.

Iruzkin-egilea: dokumentua ikusi eta iruzkinak idatz ditzake bertan, baina ezin du editatu.

Interesgarria da “Bidali jakinarazpena” hautatzea eta mezu labur bat idaztea. Horrela, fitxategia partekatu nahi zaien pertsonek mezu elektroniko bat jasoko dute, horren berri jasoz.

Beste lankide batzuekin edo ikasle talde batekin elkarlanean aritu nahi izanez gero, “Editorea” aukera da egokiena. Beti izanen dugu dokumentuari egin zaizkion aldaketak ikusteko eta aldaketa bakoitzaren egilea nor izan den jakiteko aukera. Horretarako, bide honi jarraitu beharko diogu:

Fitxategia > Bertsioen historia > Ikusi bertsioen historia

Dokumentuak partekatzeko baimen desberdinak.

Dena zuzena dela egiaztatzen dugunean, ez ahaztu “Bidali” sakatzea.

Gure dokumentua jende-multzo handiago batentzat eskuragarri egotea nahi badugu, estekaren bidez parteka dezakegu.

Hemen aldaketa interesgarri bat egin dute, gure lana norekin partekatzen dugun hobeki ulertzeko.

Lehenespenez, “Eskuratu esteka” sakatzen badugu, lortuko dugun estekak lehendik gehitu ditugun erabiltzaile-kontuei baino ez die sarbidea emanen. Konturik gehitu ez badugu, gutaz (dokumentuaren jabeaz) gain, inor ezin izanen da dokumentura sartu, esteka mugatuta egonen baita.

@educacion.navarra.es domeinuko kontuen kasuan, “Aldatu esteka, hauekin partekatzeko: Departamento de Educación – Gobierno de Navarra” aukera ematen zaigu. Hori aukeratuta, @educacion.navarra.es kontua duen edozein pertsona, irakasle zein ikasle, guk emandako baimenarekin (editorea, iruzkin-egilea edo ikuslea) fitxategian sartu ahal izanen da, estekaren bitarte, betiere.

Azkenik, “Esteka duen edonork” aukeratuta, esteka duen edozein pertsona (domeinukoa izan ala ez) sartu ahal izateko moduan partekatzen ariko gara.

Fitxategi bat estekaren bidez partekatzea.

Azkeneko aukera bat ere badago, irekiena eta gomendatzen ez duguna, edozeinek artxibo bat bilatu ahal izatea da; esteka eduki behar izan gabe. Aukera hori, partekatzeko koadroan egin duten eguneratzearekin, nahiko ezkutatua dago, eta ez da erraza akats baten ondorioz aukeratzea. Hori hobekuntza handia da, aurreko konfigurazioarekin nahi gabe modu “irekiegian” partekatzen baitzen.

@educacion.navarra.es gure eremuko edozein pertsonak gure dokumentua bilatu eta sarbidea eduki ahal izateko, horzdun gurpila sakatu eta bertan erakutsiko zaigun aukera hautatu beharko genuke. Horrela, gure artxiboa publiko litzateke gure erakundearen barruan.

Domeinukoek artxiboa bilatu ahal izateko partekatze aukera

GSuite-ren kontuekin ezin da dokumentu guztiz publiko bat egin, hau da, ezin da irekian utzi edonork Interneten aurkitu eta bertan sartu ahal izateko. Horrek segurtasunean plus bat ematen digu.

Beste funtzionalitate batzuk ere badira: dokumentuaren jabetza beste erabiltzaile-kontu batera pasatzea edo kontu bati, dokumentua ikusteko edo iruzkintzeko, behin-behineko sarbidea (iraungitze-data bat ezarriko zaiona) ematea.

Gure gomendioa beharrezkoa den pertsonekin soilik partekatzea da, eta pertsona horiek zer egitea nahi dugun pentsatzea, rol egokia esleitzeko.

Lotura bidez partekatzea, @educacion.navarra.es domeinuaren barruan betiere, irtenbide egokia da publiko zabal batera iristeko, irakasleen klaustrora, adibidez. Baina beti fitxategia bilatzeko aukera desaktibatuta, lotura ez duen inor (klaustroaz gaindiko inor, adibidean) sar ez dadin.

Dokumentazio konfidentzialaren kasuan, interesdunen erabiltzaile-kontuekin soilik eta baimen egokiekin partekatzea gomendatzen dugu.